ASPALDIAN I







Juan Jose, Maritxu, Tomas eta Dolores.
Burlatako euskaldun zaharrekin solasean.

 



Aspaldian

    Aurreko batean esaten genuenez, honetan aritu garenontzat, oso aberasgarria izan da joan den denbora honetan izandako esperientzia hau. Izan ditugun solasaldietatik bi ondorio nagusi atera ditugu. Batetik, Burlata bizirik dagoela, hau da, gure kaleetan mota askotako ekintza eta jardunak garatzen direla. Bestetik, zeregin horietan aritzen diren lagunen alde garrantzitsu bat euskalduna dela. Baina horrela izan al da beti?

 Dakigunez, gure herriak aldaketa handiak jaso zituen mendearen azkeneko hamarkadetan. Populazioa izugarri hazi zen, eta horren ondorioz herria bera fisikoki asko handitu zen. Pentsakera eta giza-harremanetan ere eman zen bilakaera ez zen txikia izan. Testuinguru aldakor honetan euskaldunek hizkuntzari eusten jakin izan zuten, are gehiago, gaur egungo belaunaldi berriekin euskara indarberriturik atera da.

   Honetan pixka bat gehiago sakontzeko eta aspaldian kontu hauek nola ziren jakin nahian, bertako adineko euskaldun zaharrengan jotzeko asmoa dugu hurrengo hilabeteetan. Izan ere, haiek izango dira, inor baina hobeto, garai horietan gauzak nola ziren kontatuko digutenak.

  Horrela bada, bideo-kameraz lagundurik egindako gure ibilbide hau ez dugu momentuz amaitutzat emango. Beraz, orain arte gure lantxoak jarraitu dituzuenok, hemendik aurrera ere gurekin bat egiteko animatu nahi zaituztegu. Jakin badakigu ikusle asko ez izanda ere, oso fidelak zaituztegula, horregatik, ez dugu amaitu nahi zuei eskerrak eman gabe.